Askatasuna -Ni NAHIA banintz-

Ni Nahia banintz ausarta nintzateke, Nahia biziki ausarta baita. Herri ttipi bat da Ziburu, ttipia da Euskal Herria, eta leku ttipietan begiradak ibilbide laburra du desberdintasunak aurkitzeko. Eta batez ere, aurreiritziekin desberdintasun horiei buruz zernahi mintzatzeko. Ari dira gauzak aldatzen, baina iruditzen zait, oraino gure buruaz baino errazagoa zaigula besteei buruz mintzatzea, iruditzen zait errazegia zaigula besteak seinalatzea, etiketak ezartzea, eta umorerik gabeko irri karkailak sortzea. Hau, Nahiarekin Baionatik pasiatu ondoan erraten dut, parean aurkitu dudanak eraginda. Arrosean dena ez baita lore, dena arantza ez den gisa.

Ezagutzen dugunarekin identifikatzen gara, eta horretan Nahiaren bizi errealitatea lagungarri zait, askok eta askok bizi dutena ulertzeko, eta lagungarri zait lezioak jasotzeko ere, nik aldapa ikusten dudan lekuan, agian aldaparik ez dagoela ohartzeko. Bai, ere bai.

Askea da Nahia, goxoa, sentibera, gizon baten gorputzean preso zegoen neska puska! edo, ez emakume eta ez gizon, baizik arima libre bat, sentitzen duen bezala bizitzea erabaki duen arima zoragarri bat. Ederra da Nahia, askatasunaren makilajea azalean duela egunero, askatasuna ez baitzaio nehorri eskatzen, bizi egiten da.

GARRANTZITSUAK:

Euskaraldi Clash-Benito Lertxundi

Benito Lertxundi, Orioko abeslaria elkarrizketatu dugu euskal raparen inguruan eta Euskal Herriko raperoen konplizitatearekin.

Olentzero VS Aita Noël

Olentzero eta Aita Noëlen lagunarteko borroka. “Besta bai errespetua ere bai” lelopean MUAK.eus iniziatibak menu … “Olentzero VS Aita Noël”