Suspentsioaren bakea

Suspentsioaren irudiak ikusita eta Alaia Mujikaren hitzak entzunda, gauza bat geratu zait argi: zaila da honi buruz distantziatik hitz egitea edo idaztea. Imajinatzea bera nahikoa ez dela uste dut egiaz ulertu ahal izateko. Inoiz izan dudan esperientziarik gertukoena tatuaje bat egitea izan dela esango nuke, eta urruti geratzen da suspentsioa izan daitekeenetik.

Mujikak dio suspenditutako pertsonaren gogoan geratzen den bakeak eman ziola atentzioa eta horrek eraman zuela probatzera. Itziar Orbegozok zuzendutako bideoan bake hori antzeman daitekeela dirudi une batean, Mujika ur gainean hegan antzean ageri denean. Zer pentsatua ematen du. 

Batzuetan lausotzen den minaren eta plazeraren arteko muga ere hor dago. Nahi duena lortzeko tresna bat da gorputza Mujikarentzat, eta lasaitasun hori, bake hori lortzeko modua izan daiteke suspentsioa. Ez dio ezer minaz Mujikak baina imajinatu daiteke, nahiz eta ziurrenik imajinatzea bera nahikoa ez izan. Mina gainditu daiteke ordea, kontzientea bada edo aurretiaz min horretarako gogoa eta gorputza prestatuz gero gehiago, beharbada.

Tatuaje berri bat egitera joan naiz orain gutxi, eta lehen aldian sentitu ez nuen plazera sentitu dut oraingoan. Orratzak azalarekin kontaktua egin aurreko uneei berehala gehitu zitzaien erredura sentsazioa. Memento batetik aurrera, ordea, sentitu nuen plazera, muga ustekabean zeharkatuz. Identifikatzen zaila iruditu zitzaidan plazera, lausotzea posible zela zalantzan jartzen nuen muga galdu nuen bistatik, lanbro artean gordeta bezala.

Bideoa ikusi.

GARRANTZITSUAK:

Euskaraldi Clash-Benito Lertxundi

Benito Lertxundi, Orioko abeslaria elkarrizketatu dugu euskal raparen inguruan eta Euskal Herriko raperoen konplizitatearekin.

Olentzero VS Aita Noël

Olentzero eta Aita Noëlen lagunarteko borroka. “Besta bai errespetua ere bai” lelopean MUAK.eus iniziatibak menu … “Olentzero VS Aita Noël”