Euskaraldi Clash – Aitzindari, salbatzaile

Zaila irudi lezake Benito Lertxundirengandik –edo Ez Dok Amairu eta enparauen Euskal Kantagintza Berritik– abiatu eta egungo euskal raperaino lerro zuzen bat marrazteak. Konplikatua, folklorekeriazko «Euskal Musika» etiketa amalgama bazter uzten badugu, behintzat. Badaude, ordea, gerturatzen dituzten elementuak; hizkuntzaz gain, alegia. Lertxundik dio egungo rap taldeek egiten dutena protesta kantua dela, aldarri bat, askapen egarri. Askapen egarri horri ahotsa ematen zion, era berean, Kantagintza Berriak, herri baten izan nahiari, folkaren bitartez.

Euskal Kantagintza Berria eta izan zuen eragina kontuan hartu gabe, hala ere, are zailagoa da gaur egungo euskal rapa imajinatzea. Dena dela, eta Voltaire parafraseatuz, ez balitz existituko asmatu egin beharko litzateke; hain zuzen ere, Negu Gorriakek, lehenik, eta Selektah Kolektiboak, gero, egin bezala. 

Ezinezkoa da euskal raparen eszena askotarikoa lau hitzetan biltzea, agortzea. Bideo hauetan elkarrekiko belarriprest eta ahobizi dakuskizuen hauek lagin interesgarria osatzen dute, alabaina: Arrano Pertxa, La Basu, Gorpuzkingz, 2ZIO eta Nizuri Tazuneri taldeetako kideek ur beti berriaren iturri berritzailetik edaten dute. 

Berritzeak tradizio luzea du gurean, musikari dagokionean, behintzat. Ez da berritzea berritze hutsagatik, ordea, ez eta tradizioa tradizio hutsagatik ere. Eguneroko lanaren ondorio da gaur egungo panorama musikala, gogoz eta gustuz egindako lanaren ondorio. Gaurgero egindakoa ahaztu gabe aurrera begiratzen duen ekina, kontserbazio hutsean erori gabe. 

Lertxundiren hitzei tira egiten jarraitzeagatik, adierazteko beharretik uler daiteke hau guztiau. Adierazteko moduak aldatu arren adierazitako horrek eraginik izango duela, zerbait aldatuko duela, hori da esperantza. Gorpuzkingz taldearen aurkezpen hitzak lapurtuz esateko: guztiak dira aitzindari, guztiak euskal kulturaren salbatzaile.

Euskaraldi Clash Elkarrizketak ikusi 

Peru Iparragirre filosofia ikaslea da eta literatur kritikari aritzen da Berria egunkarian. Donostian bizi da egun.

Argazkia : Lander Garro

GARRANTZITSUAK:

Euskaraldi Clash-Benito Lertxundi

Benito Lertxundi, Orioko abeslaria elkarrizketatu dugu euskal raparen inguruan eta Euskal Herriko raperoen konplizitatearekin.

Olentzero VS Aita Noël

Olentzero eta Aita Noëlen lagunarteko borroka. “Besta bai errespetua ere bai” lelopean MUAK.eus iniziatibak menu … “Olentzero VS Aita Noël”