Hormetako aldarriak

Bilboko horma zaharrak margotzen ditu Farek, eta gaueko lan horrek zertan datzan kontatu digu.

Espraiz margotu eta sinatzen ditu Bilboko horma zaharrak Farek. Oso gaztetatik hasi zen honetan, eta gaur egun ere, horretan darrai. Diego Urruchik grabatutako bideo honetan kontatzen digu Farek zerk bultzatu zuen zaletasun horretara eta zein izaten diren paretak gauez margotzeak dakartzan lanak.

Diego Urruchi

Esan bezala, Diego Urruchi izan zen Fareren gaueko lanen bideoaren egilea. Eduki transmedien ekoizlea eta errealizadorea dugu Diego. Urteak dira ikusentzunezko mundu horretan murgildu zela, eta geroztik, zenbait lanen jabe da Diego. Egin ditu dokumentalak eta egin ditu film laburrak. Esaterako, hauek dira Diego Urruchik egindako lanetako batzuk: La colcha y la madre laburra (2020), Why are we are laburra (2019), 160 metros dokumentala (2014), Un paseo por Santander laburra (2005) etab…

Fareren artea marrazki baten bidez ilustratu du Maianak:

Maiana Agorrody I  Maianaren marrazkiak hemen: Maianaren marrazkiak

 

Fareren hormetako aldarriei loturik, Fermin Muguruza euskal abeslariari elkarrizketa bat egin genion. Hona hemen:

Arte ilegala

Jon Garmendia I @txuriya

Ni itsaspeko bat banintz, Atlantidako sekretuak aterako nituzke lurrazalera, azpiko mundu ezezagun bat gordetzen delako giza itsasoaren barnean, gure tabuek, lotsek eta aurreiritziek mugak baizik aurkitzen ez dituzten lurraldean. Eta hau ez da Platonen filosofia, Herkulesen Zutabeak urrun gelditzen zaizkigu guri, baina Atlantida gu gara, oraino deskubritzeko dagoen mundu iluna, argira ekartzeko zain dauden ehunka gai bata bestearen gibelean ezkutatu dituen gizartea. MUAK itsaspekoa indartsu hasi da, FARE-ren graffitiak erakutsiaz, bide bazterreko margoen jardina, arte ilegala, artea ere ez den zirriborro sinatua, funtsean, askatasuna bere esentzian. Ziur naiz zuek ere galdetu zaretela nola kristo egin diren begiaurrean ditugun graffitiak, noiz, eta zertarako, zein helbururekin. Horra halako gautxori baten testigantza, FARE, gaueko lanak. Ni MUAK banintz gisako protagonistak argira ekartzen ahaleginduko nintzateke, luzaz, eta euskaraz, zergatik ez?

Eta ahal delarik, Bidasoa ibaiaren gainean, Lapurdi eta Gipuzkoa elkartzen diren zubian MUAK erraldoi bat margotuko nuke, Mugak Askatu dioena, mundu guztiari, eta mundu guztiarentzat.