Nahi duzuna izan

Transexuala eta askea da Nahia, eta nahi dugun hori izan gaitezen aholkatu digu.

Asketzat du Nahiak bere burua. Afrikarra da izatez, baina urteak dira Euskal Herrira etorri zela. Geroztik, mendi magalean bizi da, eta itsasotik hurbil, Euskal Herriko herri txiki batean. Bideo honetan, aholku bat ematen dio bere esperientziatik gizarteari Nahiak: “Izan libre zeuen buruekin, eta izan nahi duzuna”.

Yago Garbizu

Yago Garbizuk grabatua da Nahia, izan nahi duzuna. Ezaguna da ikus-entzunezko proiektuetan Yago, zenbait lan arrakastatsuz jantzi baitu bere ibilbidea. Hala ere, ez da soilik ikus-entzunezko ekoizpenean edo bideogintzan jardun. Ekoizpen zinematografikoan ere aritu da Yago; El hoyo (2019) pelikularen ekoizketan, estarako, parte hartu du. Horretaz gain, Malaka (2019) telesailaren lehen zuzendaria izan zen, eta baita Kalebegiak (2016) filmarena eta Huellas en la nieve (2005) laburrarena ere, besteak beste.

Bere identitatearen inguruan mintzo da Nahia bideoan, eta horri erreferentzia eginez, marrazki batean islatu ditu Maiana Agorrody marrazkilariak Nahiak esandakoak.


Maiana Agorrody I Maianaren marrazkiak hemen: Maianaren marrazkiak

Handia pelikula dela eta, identitatearekin lotutako elkarrizketa bat egin diogu Eneko Sagardoy euskal aktoreari:

Askatasuna

Jon Garmendia I @txuriya

Ni Nahia banintz ausarta nintzateke, Nahia biziki ausarta baita. Herri ttipi bat da Ziburu, ttipia da Euskal Herria, eta leku ttipietan begiradak ibilbide laburra du desberdintasunak aurkitzeko. Eta batez ere, aurreiritziekin desberdintasun horiei buruz zernahi mintzatzeko. Ari dira gauzak aldatzen, baina iruditzen zait, oraino gure buruaz baino errazagoa zaigula besteei buruz mintzatzea, iruditzen zait errazegia zaigula besteak seinalatzea, etiketak ezartzea, eta umorerik gabeko irri karkailak sortzea. Hau, Nahiarekin Baionatik pasiatu ondoan erraten dut, parean aurkitu dudanak eraginda. Arrosean dena ez baita lore, dena arantza ez den gisa.

Ezagutzen dugunarekin identifikatzen gara, eta horretan Nahiaren bizi errealitatea lagungarri zait, askok eta askok bizi dutena ulertzeko, eta lagungarri zait lezioak jasotzeko ere, nik aldapa ikusten dudan lekuan, agian aldaparik ez dagoela ohartzeko. Bai, ere bai.

Askea da Nahia, goxoa, sentibera, gizon baten gorputzean preso zegoen neska puska! edo, ez emakume eta ez gizon, baizik arima libre bat, sentitzen duen bezala bizitzea erabaki duen arima zoragarri bat. Ederra da Nahia, askatasunaren makilajea azalean duela egunero, askatasuna ez baitzaio nehorri eskatzen, bizi egiten da.