Soka eta azala

Soka soil batzuekin artea egiten du Itri Sokan-ek; soka gorputzetan lotuz eta askatuz.

Itri Sokan-ek bere artea erakutsi digu. Nork esango luke soka soil batzuekin artea egin zitekeenik? Itri Sokan-ek erakutsi digu posible dela. Berarekin eta bere protagonistetako batzuekin izan gara, eta haiek mundu hau nola bizi duten azaldu digute.

Itri Sokan-en artea herri kirol ezagun batekin lotu du Maiana Agorrody-k marrazki honetan: sokatirarekin.


Maiana Agorrody I Maianaren marrazkiak hemen: Maianaren marrazkiak

Sokaz lotzen eta askatzen

Peru Iparragirre I Peruri buruzko informazioa

Shibari artea ez da museoetan ageri ohi, ez eta telebistan ere. Facebookek ere ez du atsegin, antza. Gure artean, ezkutatutako, isilarazitako gaia da sexualitatearena. Erotismoa zein kanonen baita eta zein ikuspegitatik emana den zaila da zalantzan jartzen ez bada lehenik agerian jartzen. Pornografia toxikoa gainditu eta sexualitatea pribatutik publikora nola plazaratzen den, horixe korapiloetako bat.
Shibari artea, gorputza sokaz lotzeko teknika, Japoniatik dator jatorrian. Zehatzago, ordea, BDSM praktika bat da, bazterreko jotzen dugun ingurune batean du bere lekua, ustez. Gorputza lotzea azala ferekatuz ala estutuz, gorputza makramez estaltzea eta erakustea, konfiantzaz eta segurtasunez, Itrik dioen bezala, gustatuz gero jolaserako eta plazererako ateak zabaltzeko bide izan daiteke. Maizegi jartzen dizkiogu mugak geure buruari ere, jolaserako eta plazererako ateak ixten, eta irribarrea eragin dezake lotzearekin lotutako zerbaitek aska gaitezkeela pentsatzeak. Eta, hala ere, zergatik ez? Soka luzea dakar auziak.
Sexualitatea askatzeaz dihardu Itrik, aske eta norbere buruarentzat bizitzeaz Enkarnik, ahal den artean egin nahi dena lotsarik gabe egiteaz. Sokaren mutur batetik bestera, korapiloz korapilo, gure kortse ikusezinak askatu beharrean gara, modu irekian gozatuko badugu. Eta posible da, posible denez, kalamuzko sokez jantzita gozatzea.