“Nire ideiak aldarrikatzeko sortzen ditut kantuak”

Rapa esparru maskulinotzat jo izan dela dio Annekdotasek, baina oholtza gainean geroz eta emakume gehiago direla dio, eta horrek, zinez pozten du.


“Rapa egiteko mila modu daude”, hala azaldu du Annekdotasek. Horregatik dio, “edozeinek” egin dezakeela rapa. Berak, barruan dituenak azaleratzeko erabili ohi du gehienetan, eta hala sortzen ditu letrak: “Nire ideiak aldarrikatzeko sortzen ditut kantuak”.

Aitortu duenez, esparru  maskulinotzat jo izan da beti raparen mundua, baina gauza batek pozten du gaur egun Annekdotas: geroz eta emakume gehiago direla rapa eginez oholtza gainera igotzen direnak.

Jakin badaki artista asko dagoela rapa sortu nahi eta ezinaren muga horretan. Izan ere, abestiak nork bere etxean grabatzeko baliabide falta handia dagoela adierazi du. Eta, bere hitzetan, “ez da erraza bakarrik aurrera egitea, eta askotan, laguntza behar izaten da kantuak sortzerako garaian”. Alde horretatik, muga asko ikusten ditu Annekdotasek, eta askotan muga horiek beharrezkotzat jotzen dituen arren, mugak gainditzea maite duela gaineratu du.

Azkenik, Euskal Herriko oholtzek emakumezko gehiago behar dituztela aldarrikatu du Annekdotasek, eta mezu hori bera zabaldu nahi izan die entzuleei: “Emakumeok gauza asko ditugu esateko, eta horregatik, emakumezko gehiago behar ditugu euskaraz rapeatzen”.


“Berdintasuna izango da gure arrakasta”