“Ipar Euskal Herriko musika ez da iristen merezi duen neurrian Hego Euskal Herrira”

Hamabi urte dira Ipar Euskal Herriko musika Euskal Herri osoan entzun dadin lanean dabilela Ødei; muga fisiko zein mentalak hautsi nahian.


Gure puzzleak badu bigarren pieza: Ødei. Hip-hop eta rap munduaren baitan murgilduta daramatza dozena bat urte, eta muga fisiko zein mentalak hausteko darabilzki.

Euskal Herria bitan banatzen duen muga trabatzat du Ødeik, eta bere hitzetan, mugako kontrol horietan filtratu ohi da, nolabait, zenbait informazio. Dioenez, Ipar Euskal Herriko musika ez da behar edo merezi duen neurrian iristen Hego Euskal Herrira, baina, alderantziz bai, ordea. Ødeik azaldu duenez, “indar kontu bat” izan daiteke hori: “Iparraldea ttipi eta ahul ikusi izan delako”. Hala ere, Ødeik argi du Iparraldea txikia izanagatik ere, sekulako musika ekoizpena dagoela eta ez daukala merezi duen oiartzuna Euskal Herri mailan.

Poz handia pizten dio Ødeiri musika euskaraz sortzen duten taldeak jaiotzen ikusteak, eta argi du gauzak asko aldatu direla; hobera: “Iraganari begira, erranen nuke etorkizuna ona ez dela izanen, baina bai hobea”. Hala ere, dio badagoela ireki beharreko bide bat; emakumezkoak raparen plazan ikustearena, alegia: “Rapa musika maskulinoarekin lotu izan da, eta uste dut hor badugula bidea egiteko. Gizonezko raperoekin konparatuz gutxiago dira emazteak, baina espero dut etorkizunean ez direla faltako”.

Geroz eta gehiago dira euskal rap taldeak, eta nahiz eta Ødeiren ustez, bera ez den “nehor nehori kontseiluak emateko”, mundu honetan aritu nahi duen hori aritzera animatu nahi du.


Ideiak kantuetara daramatza Ødeik, eta argi du: “Bidasoa muga ikusten dutenak dira gure muga”.

“Bidasoa muga ikusten dutenak dira gure muga”