“Mugak geuk jartzen dizkiogu geure buruari”

Mugak nork bere buruari jartzen dizkiola argi du Herbalistek. Kantuan aritzeko nahiago du euskalkian aritu; bere ustez, tresna hobea baita sentitzen dena adierazteko.


Zaletasuna bizimodu du Herbalistek; rapa, hain zuzen ere. Rapak bizi duela dio, eta pozarren dio, indartzen ari dela euskal rapa. Hala ere, nabarmendu du euskal rap talde gutxi batzuk direla ezagun bihurtu direnak, eta talde horien atzean beste asko daudela dio: “Talde berriek eramaten dute aurrera rapa, eta oso indartsu datoz, gainera”.

Bermeokoa izaki, kantuan aritzerako garaian bermeotarrez abestearen aldeko apustua egin du beti. Izan ere, dio, bestela, ez lukeela berdin adieraziko azaldu nahi duen hori: “Lehenago oso mugatuta geunden hizkuntza aldetik, eta jendeak batueraz egiten zuen, baina orain, euskalkiari indarra ematen gabiltza”.

Funtsezkoa du rapa Herbalistek. Izan ere, azaldu du, rapak kendu dizkiola bere buruan irudikatzen zituen muga guztiak. Herbalisten hitzetan, “mugak geuk jartzen dizkiogu geure buruari”, eta horregatik, hain zuzen, oholtzara igotzen den bakoitzean uneaz gozatzea besterik ez  du izaten buruan;, besteek zer esango ote duten pentsatu gabe.

Azkenik, eszenatokietan emakume gehiago ikusi nahi dituela egin du deiadar Herbalistek. Eta, horrekin batera, eszenatokira igotzeko beldurrik ez izateko adierazi nahi izan die rap munduan aritu nahi duten horiei guztiei: “Ez eduki lotsarik, eta joan danagaz aurrera, ez dago gehiago!”