Euskal sentimenduei ahotsa jartzea, doinuez laguntzea eta errimak eranstea ez al da artea? Geroz eta gehiago dira euskal musikariak, eta musika horren baitan, adaxka berri asko eta anitzak sortzen ari dira azken urteotan. Besteak beste, euskal trap-a eta rap-a dira horietako batzuk; belaunaldi berriak dakartzatenak.
Euskal musika beti izan da zuzena eta dotorea; baina, mugatua. Eta muga horiez gaindi abiatzea izan da euskal rap-aren lehenengo urratsa. Metrika baten barruan, euskaratik eta euskaraz, gizartean eragiten duen musika da. Horren eredu dira 2zio, La Basu, Gorpuzkingz eta Arrano Pertsa taldeak. Euskal musikaren betiko eskemak haustera datoz belaunaldi berriak; belarriak prest eta ahoak bizi.
2zio: “Talde bakoitzak bere alea ekartzen dio raparen paisaiari”.

La Basu: “Kendu behar da beldurra, oholtza gainean disfrutatu eta buruan duzuna kaleratu”.

Gorpuzkingz: “Hobetu ezin daitekeena beti hobetzen dugu”.

Arrano Pertxa: “Hip hop-a beti izan da ‘pitokrazia’ bat, eta horrek ez dio onik egiten ez musikari ezta bizitzari ere”.

Gaur arte behintzat, disko bakarra atera du taldeak: Jaungoikoa, dirua eta erritmo zaharra (2018).
Urteen poderioz, eboluzionatzen ari da euskal musikaren eszenatokia, eta horrek pozten du Benito Lertxundi abeslaria. Izan ere, geroz eta anitzagoa da euskal kantugintza, eta geroz eta gehiago dira oholtzaratzen diren euskal emakume abeslariak ere.
Benito Lertxundi: “Adierazten dugun horrek eragina izango duela pentsatzen dugu, eta horregatik adierazten dugu”.

Hamaika disko eta abestiren jabe da Lertxundi, eta arrakasta handikoak dira gehienak; jendearen memorian iltzatuta geratu diren zenbait kantu egin baititu.
“Protesta kantu” gisa definitzen du rap-a Lertxundik; komunikatzeko eta barne sentimenduak azaleratzeko tresna aberats gisa. Belaunaldi aldaketaz mintzo da Lertxundi, eta marrazki honen bitartez ilustratzen ditu Maianak, Benito Lertxundi eta Euskal Rap-a.
Maiana Agorrody I Maianaren marrazkiak hemen: Maianaren marrazkiak
Aitzindari, salbatzaile
Peru Iparragirre I Peruri buruzko informazioa
Zaila irudi lezake Benito Lertxundirengandik –edo Ez Dok Amairu eta enparauen Euskal Kantagintza Berritik– abiatu eta egungo euskal raperaino lerro zuzen bat marrazteak. Konplikatua, folklorekeriazko «Euskal Musika» etiketa amalgama bazter uzten badugu, behintzat. Badaude, ordea, gerturatzen dituzten elementuak; hizkuntzaz gain, alegia. Lertxundik dio egungo rap taldeek egiten dutena protesta kantua dela, aldarri bat, askapen egarri. Askapen egarri horri ahotsa ematen zion, era berean, Kantagintza Berriak, herri baten izan nahiari, folkaren bitartez.
Euskal Kantagintza Berria eta izan zuen eragina kontuan hartu gabe, hala ere, are zailagoa da gaur egungo euskal rapa imajinatzea. Dena dela, eta Voltaire parafraseatuz, ez balitz existituko asmatu egin beharko litzateke; hain zuzen ere, Negu Gorriakek, lehenik, eta Selektah Kolektiboak, gero, egin bezala.
Ezinezkoa da euskal raparen eszena askotarikoa lau hitzetan biltzea, agortzea. Bideo hauetan elkarrekiko belarriprest eta ahobizi dakuskizuen hauek lagin interesgarria osatzen dute, alabaina: Arrano Pertxa, La Basu, Gorpuzkingz, 2ZIO eta Nizuri Tazuneri taldeetako kideek ur beti berriaren iturri berritzailetik edaten dute.
Berritzeak tradizio luzea du gurean, musikari dagokionean, behintzat. Ez da berritzea berritze hutsagatik, ordea, ez eta tradizioa tradizio hutsagatik ere. Eguneroko lanaren ondorio da gaur egungo panorama musikala, gogoz eta gustuz egindako lanaren ondorio. Gaurgero egindakoa ahaztu gabe aurrera begiratzen duen ekina, kontserbazio hutsean erori gabe.
Lertxundiren hitzei tira egiten jarraitzeagatik, adierazteko beharretik uler daiteke hau guztiau. Adierazteko moduak aldatu arren adierazitako horrek eraginik izango duela, zerbait aldatuko duela, hori da esperantza. Gorpuzkingz taldearen aurkezpen hitzak lapurtuz esateko: guztiak dira aitzindari, guztiak euskal kulturaren salbatzaile.